Bidasoa Beherean lehorteagatiko aurrealerta adierazlea aktibatu da, eta lehen aldiz erabili dira Jaizkibelgo putzuak herritarrak urez hornitzeko
2011n hasitako Jaizkibel Elordi hornidura lanetan eraiki zituzten putzuak, 8 milioi euroko inbertsioarekin, eta lehen aldiz erabili dira herritarrak urez hornitzeko. Iturburuekin batera, Jaizkibelek Irunera eta Hondarribira iristen den uraren erdia baino gehiago ematen du dagoeneko. Horri esker, edukieraren % 63an dagoen Endarako urtegia motelago husten ari da.
Urriaren 19az geroztik, Txingudiko Zerbitzuak-en Lehorte Planeko adierazlea aurrealerta mailan dago, Endarako urtegia edukieraren % 70etik behera baitago. Horixe da urte sasoi honetarako erreferentzia. Erreserbak motelago jaisteko, entitateak Jaizkibelgo putzuak jarri ditu martxan, lehen aldiz herritarrak urez hornitzeko. Eraiki zituztenetik, mantentze lanetarako baino ez zituzten jarri martxan, noizbehinka.
Dena den, oraingoz ez dago murrizketarik ezarri beharrik, eta ura normaltasunez iristen da etxeetara. Prebentzio neurri gisa, Txingudiko Zerbitzuak-ek ura arduraz erabiltzea gomendatzen dute.
“Aurrealertan gaude, baina ura normaltasunez iristen da etxe guztietara, eta ez dago murrizketarik. Egoera honi aurre egiteko prest gaude, eta datozen asteetan gertutik jarraituko dugu urtegiaren bilakaera”, adierazi du Cristina Laborda Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateko presidente eta Irungo alkateak.
Horrelako egoeretarako egindako inbertsioa
Putzuak Jaizkibel Elordi hornidura proiektuaren parte dira. Proiektua Txingudiko Zerbitzuak-en 2005etik 2015era bitarteko Hamar Urteko Inbertsio Planean jaso zen, eta 2008an idatzi zuten. Helburua lehorte garaietan Irungo eta Hondarribiko ur hornidura bermatzea zen, Endararen mende soilik egon gabe. Lanak 2011n hasi eta 2012an amaitu ziren. 8,1 milioi euroko inbertsioa egin zen, Txingudiko Zerbitzuak-ek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erdibana finantzatuta.
Sei putzu berri eta Elordiko edateko ura tratatzeko estaziorainoko 14,4 kilometro hodi eraiki zituzten. Horrela, Jaizkibelen ura hartzeko ahalmena segundoko 97 litrotik 210 litrora handitu zen.
Bere garaian, azpiegitura horren beharra zalantzan ere jarri zen. Hamabost urtez erreserba gisa egon da, putzuetara jo beharrik izan gabe. Gaur egun, Endara azken bost urteetako mailarik apalenean dagoela sasoi honetarako, agerian geratu da herritarren edateko ur hornidura bermatzeko duen balio estrategikoa. “Duela hamabost urte baino gehiago planifikatu zen obra hau, honelako egoerak gogoan. Gaur, putzuei eta Jaizkibelgo iturburuei esker, herritarrak urez hornitu ditzakegu Endaratik ur gutxiago aterata, eta horrela erreserbek luzaroago irauten dute. Uraren kudeaketan aurrea hartu behar da”, azaldu du Labordak.
Jaizkibel, Endararen osagarri
Lehorte Planak ezarritakoari jarraituz, Txingudiko Zerbitzuak-ek Jaizkibelgo ura horniduran sartu dute pixkanaka, Endarako erreserbak jaitsi ahala. Bi urratsetan egiten da. Lehenik, lau iturburuetako ura erabiltzen da. Horretarako instalazioek Jaizkibelgo hainbat tokitan berez azaleratzen den ura biltzen dute. Abuztuaren amaieran Goikoerrota eta Artzu jarri ziren martxan, eta irailean Molino eta Justiz gehitu zitzaizkien. Lehorteak jarraituz gero, hurrengo urratsa putzuak martxan jartzea da, lurpeko ura ateratzeko. Urriaren 6an jarri ziren martxan, eta ahalmenaren % 50ean ari dira lanean. Ustiapen arauen arabera, ekarpen hori handitu daiteke, urtegiaren bilakaerak hala eskatzen badu. Endarak ura ematen jarraitzen du, baina lehen baino gutxiago ateratzen da urtegitik. Iaz iturburu bakarrera jo behar izan zen, Artzura, urritik abendura bitartean.
Gaur egun, segundoko 218 litro iristen dira edateko ura tratatzeko estaziora. Ehun litrotik 49 Endaratik datoz, 40 iturburuetatik eta 11 putzuetatik. Jaizkibelgo ekarpenari esker, egunero ia 10 milioi litro gutxiago atera behar dira urtegitik. Ekarpen hori gabe, Endara edukieraren % 50 inguruan egongo litzateke gaur.
“Endarak bere kabuz hornitu beharko balitu Irun eta Hondarribia, orain duen urarekin eta sartzen zaionarekin, 132 egun ingururako ura izango luke. Jaizkibelek egun egiten duen ekarpenarekin, epe hori 217 egun ingurura luzatzen da, ia zazpi hilabetera. Euriaren araberako kalkulu teorikoak dira, baina Endarako ura zaintzea zein garrantzitsua den ulertzen laguntzen dute”, zehaztu du Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuak-eko gerenteak.
Endara, azken bost urteetako mailarik apalenean sasoi honetarako
Endarako urtegiak, Irungo eta Hondarribiko ur erreserba nagusiak, 3.200 milioi litro ur zituen azaroaren 13an, edukieraren % 63,1. Ekainaren hasieran ia beteta zegoen (% 99), eta ordutik ur mailak behera egin du etengabe. Bost hilabeteotan, bil dezakeen uraren herena baino gehiago galdu du. 2021etik azaroaren erdialdean neurtu den mailarik apalena da. 2023an eta 2024an, garai berean, urtegia beteta zegoen, eta aurreko lau urteetako batezbestekoa % 90 ingurukoa zen.
Endarak 5.080 milioi litro ur bil ditzake, 2.000 igerileku olinpiko inguru betetzeko adina. Irunen eta Hondarribian 81.000 lagun inguruk erabiltzen duten ura urtegi horren mende dago. Hornidura iturri bakarra denean, egunean 19 milioi litro inguru ateratzen dira batez beste. Endara errekako urak betetzen du urtegia, eta euriak elikatzen du erreka, batez ere. Horregatik, euri gutxiko aldien eragina berehala antzematen da erreserbetan.
Uda oso lehorra izan da, eta udazkenak joera bera du
Urtea euritsu hasi zen, baina apiriletik aurrera joera aldatu zen. Maiatzetik irailera, ohikoa baino % 39 euri gutxiago egin zuen Endaran. Uztaila bereziki lehorra izan zen, hilabete horretan ohikoa den euriaren hamarrena inguru besterik ez baitzuen egin. Irailean, berriz, ez zen heren batera ere iritsi. Udazkenean ere joera bera izan da. Urrian ohikoa baino % 21 euri gutxiago egin zuen, eta azaroko lehen hamar egunetan ia ez zuen euririk egin.
“Hemen lehorteak udan iritsi ohi dira, eta udazkeneko euriek egoera lehengoratzen laguntzen dute. Aurten ez da hala gertatu. Zazpi hilabete daramatzagu ohikoa baino euri gutxiagorekin, eta udazkenak ez du joera aldatu. Horregatik jaitsi da hainbeste Endarako maila, eta horregatik da hain garrantzitsua Jaizkibelgo ekarpena. Datozen asteetan ohikoa adina euri egiten badu, urtegia pixkanaka berreskuratzen joango da, baina oraingoz zuhurtziaz jokatu behar dugu”, azaldu du Igor Enparan Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateko presidenteorde eta Hondarribiko alkateak.
Horri gehitu behar zaio Domikoko urtegia, eskualdeko hornidura sistemaren parte dena, hutsik dagoela lehortearen ondorioz. Azaroa izan ohi da hilabeterik euritsuena, baina aurtengoa oso lehorra izaten ari da. Horregatik, datozen asteetan zenbat euri egiten duen funtsezkoa izango da Endararen bilakaera aztertzeko.
Zer da Lehorte Plana eta zer gertatuko da hemendik aurrera?
Txingudiko Zerbitzuak-ek 2020az geroztik dute Lehorte Egoeretarako Larrialdi Plana. Legeak nahitaezkotzat jotzen du 20.000 pertsona baino gehiago hornitzen dituzten sistemetan. Helburua herritarrek behar duten ura bermatzea eta lehortearen ondorioak arintzea da, urtegiaren mailaren arabera erabakiak garaiz hartuta. Lau egoera bereizten ditu planak, normaltasuna, aurrealerta, alerta eta larrialdia, eta bakoitzerako neurriak zehazten ditu.
Adierazleak bi hilabetez jarraian aurrealerta mailan jarraitzen badu, egoera aldatzen ez bada abenduaren erdialdean gertatuko litzatekeena, planak prebentzio neurriak martxan jartzea aurreikusten du. Nahitaezko murrizketak egoerarik larrienetan baino ez daude aurreikusita, alerta eta larrialdi egoeretan.
“Kasu horretan, kontsumoa % 10 murriztea izango litzateke helburua. Irungo eta Hondarribiko udalekin Lehorte Batzordea eratuko genuke, instalazioak berrikusiko genituzke eta herritarrak borondatez ura aurreztera animatzeko kanpainak egingo genituzke”, gehitu du Zubiturrek.
“Kontsumoa % 10 jaisteak egunean ia 2 milioi litro ur aurreztea dakar. Helburua ura alferrik ez galtzea da. Txorrota ixtea, ur ihesa konpontzea edo garbigailua beteta jartzea lagungarriak dira”, azaldu du Igor Enparan Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateko presidenteorde eta Hondarribiko alkateak.
Bitartean, Txingudiko Zerbitzuak-ek gertutik jarraituko dute urtegiaren, eurien eta ur emarien bilakaera, Jaizkibelgo baliabideen erabilera egoerara egokituko dute eta herritarrei bilakaeraren berri emango diete.
Ura zaintzeko eguneroko keinuak
Murrizketarik ez badago ere, gaur aurrezten dugun litro bakoitza Endaran geratzen da. Irunen eta Hondarribian, biztanle bakoitzak egunean 113 litro ur kontsumitzen ditu etxean, batez beste. Kontsumo publiko eta industriala ere kontuan hartuta, sarera biztanleko eta eguneko 218 litro sartzen dira guztira. Etxeko kontsumo arduratsuaren erreferentzia egunean 90 eta 100 litro artekoa da pertsonako, eta eguneroko keinu batzuek hori lortzen laguntzen dute.
- Bainua hartu beharrean, dutxatu, eta ahalik eta denbora laburrenean.
- Itxi txorrota hortzak garbitu, bizarra egin edo ontziak garbitu bitartean.
- Jarri garbigailua eta ontzi garbigailua beteta daudenean bakarrik.
- Konpondu ur ihesak. Tantaka ari den txorrota batek edo ura galtzen duen zisterna batek litro asko xahutzen ditu ohartu gabe.
Endara guztion baliabidea da, eta hura zaintzea guztion ardura da.