Txingudiko Zerbitzuak-ek ExpoRetrete erakusketa berreskuratu du, saneamendu sarea arduraz erabiltzearen garrantziaz kontzientziatzeko

  • Erakusketa berrituta eta jarduera interaktiboz hornituta itzuliko da, eta azaroaren 3tik 20ra bisitatu ahal izango da Mendibil merkataritza gunean, 09:00etatik 21:00etara.
  • Komunetik eta harraskatik toailatxoak, janari soberakinak, olioak eta produktu kimikoak botatzeak zer ondorio dituen azalduko du erakusketak.

Txingudiko Zerbitzuak-ek ExpoRetrete erakusketa berreskuratu du. Aurreko edizioetan ere eskualdean ikusgai izan den erakusketa berrituta itzuliko da Irungo Mendibil merkataritza gunera. Azaroaren 3an inauguratuko da, eta hilaren 20ra arte egongo da zabalik, merkataritza gunearen ordutegian, 09:00etatik 21:00etara. Erakusketak bat egingo du azaroaren 19an ospatzen den Saneamenduaren Munduko Egunarekin.

Komuna ez da zakarrontzia lelopean, hustubideetatik botatzen ditugun hondakinekin zer gertatzen den ezagutzeko gonbita egingo du erakusketak. Toailatxo hezeek protagonismo berezia izango dute, baina janari soberakinek, koipeek, olioek eta sendagaietan, garbiketa produktuetan edo pinturetan dauden substantziek eragiten dituzten arazoak ere erakutsiko ditu.

Cristina Laborda Txingudiko Zerbitzuak-en Mankomunitateko lehendakariak ekimena berreskuratzearen garrantzia nabarmendu du: “Erakusketa honen bidez, komunetik edo harraskatik botatzen ditugun hondakinekin zer gertatzen den erakutsi nahi dugu. Gure bistatik desagertu arren, arazoak sor ditzakete saneamendu sarean, eta gure ibaiak eta itsasoa kutsatu. Hori saihesteko lehen urratsa etxeko ohitura batzuk aldatzea da”.

Gure oinen azpian zer gertatzen den ezagutzeko bi gune

ExpoRetrete merkataritza guneko bi eremutan banatuko da. −1 solairuan, BM supermerkatuaren sarreraren parean, panelek uraren ziklo integrala azalduko dute, baita janaria komunetik edo harraskatik botatzeak zer ondorio dituen ere. Gune horretan, produktu kimikoek eragindako kutsadura, koipeek eta olioek sortzen dituzten arazoak ere landuko dira.

0 solairuan, komuna izango da ardatza, hondakinak saneamendu sarera iristeko bidea ezagutzeko. Arreta berezia eskainiko zaie norberaren higienerako, haurtxoak garbitzeko eta makillajea kentzeko toailatxoei, baita komuneko paper hezeari ere.

Igor Enparan Mankomunitateko lehendakariordeak eguneroko ohituren garrantzia azpimarratu du: “Hondakin bat hustubidetik desagertzen denean, arazoa ez da hor amaitzen. Buxadurak eragin ditzake, edo ingurumena kaltetu. ExpoRetrete bisitatzen dutenek ibilbide hori ulertzea nahi dugu, eta ideia argi bat eramatea: hondakin bakoitza dagokion tokian utzi behar da”.

Jolasteko eta entzuteko erakusketa

ExpoRetretek informazio panelak eta zuzenean parte hartzeko proposamenak uztartuko ditu. Bisitariek ura eta toailatxoak dituzten ontziak astindu, puzzleak osatu, benetako hodiak ukitu, imanak mugitu eta hainbat erronka ebatzi ahal izango dituzte.

Panel guztiek QR kode bat izango dute, telefono mugikorretik audiogida entzuteko. Bisitan zehar azalpenak entzun ahal izateko, entzungailuak eramatea gomendatzen da.

Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuak-eko gerenteak honela azaldu du: “Mantentze lanetan hodietara inoiz iritsi behar ez luketen hondakinak aurkitzen ditugu. Toailatxoak dira adibiderik ezagunenetako bat, baina olioak eta janari soberakinak ere maiz aurkitzen ditugu. ExpoRetretek modu hurbil eta ulergarrian erakusten du zer arazo sortzen dituzten eta nola saihestu ditzakegun”.

Txingudiko Zerbitzuak-ek erakusketa bisitatzera eta jardueretan parte hartzera gonbidatzen ditu Irungo eta Hondarribiko herritarrak. Helburua da bisitak eguneroko ohiturak berrikusten laguntzea eta saneamendu sarearen balioaz jabetzeko aukera ematea; izan ere, sareak behar bezala funtzionatzea hura erabiltzeko dugun moduaren araberakoa ere bada.

Txingudiko Zerbitzuak - Servicios de Txingudi
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.