Expo Retrete
ExpoRetrete erakusketa 2026ko azaroaren 3an inauguratuko da Mendibil merkataritza-gunean eta azaroaren 20ra arte egongo da zabalik. Merkataritza Zentroaren ordutegia 9: 00etatik 21:00etara da.
Erakusketa komuna, gainerako sanitarioak eta harraska zabor-ontzia balitz bezala erabiltzeko ohitura txarrari buruzkoa da, batez ere toallatxo hezeekin eta higiene pertsonaleko beste produktu batzuekin; baina, era berean, janari-hondarren, gantz eta olioen eta botiketan, garbiketa-produktuetan, pinturetan eta abarretan dauden hondakin kimikoen isurketari buruzkoa ere bada. Pertsona bakoitzaren erantzukizuna eskatzen saiatzen da, azpiegituretan, ingurumenean eta pertsonen osasunean kalteak saihesteko edo minimizatzeko.
Panelek protagonismo handia duten erakusketa da, baina ikusleei aukera ematen die harekin hainbat modutan elkarreragiteko, adibidez, ur-poteak toallatxoekin astinduz, puzzleak eginez, benetako tutuak ukituz, imanak mugituz, hainbat erronkari erantzunak bilatuz, argazkiak eginez…
Ez dugu ahaztu behar planeta osoan 3.400 milioi pertsonak ez dutela Txingudin dugun saneamendu-sarerako sarbiderik. Zaintzen dugunari balioa ematea da kontua.
Horretarako, erakusketak hausnarketarako gonbita egiten du Mendibil merkataritza-guneko bi gunerekin. – 1 solairuan, BMren sarreraren parean, panelak egongo dira gai hauei buruz: uraren ziklo integrala, komunetik janari-hondarrak isurtzeko ohitura txarra, saneamendu-sarean arratoiak egotearen arazoari lotuta, kutsatzaile kimikoen arazoa eta koipe eta olioen arazoa. Azkenik, Txingudiko Zerbitzuek saneamendu-sarean egiten dituzten mantentze-lanen lagin txiki batekin amaituko da.
0 solairuan, erakusketak saneamendu sareko komunaren garrantzia azpimarratzen du. Bide horretatik zenbat hondakin isurtzen diren erakusten du, eta arreta berezia jartzen du higiene pertsonaleko eskuoihal hezeetan, haurtxoentzat, makillajea kentzeko zapietan eta komuneko paper hezean. Espazio horretan bertan, txikienek argazki atsegin bat egin dezakete hodietako “munstro” kareta batekin, hain zuzen ere, buxadurak eta ingurumen-arazoak eragiten dituzten hondakin horien guztien adierazgarri.
Panel guztiek QR kode bat dute, eta kode horren bidez, esposiziotik errendimendu handiagoa lortzea ahalbidetzen duen audiogida batera sartzen da. Kasu honetan, erosoena QRa sakelako telefonoarekin irakurtzea da, eta narratzailearen azalpenak entzungailu batzuekin entzutea.
ExpoRetrete bisitatzera, audiogida entzutera eta harekin elkarreraginean aritzera gonbidatzen zaituztegu. Bisita honek arazo honi buruzko hausnarketa txiki bat egiten lagunduko balu, merezi izango du.
Pertsona bakar baten ekintzek ezin dute arazoa konpondu, baina ekintza arduratsuen sare batek erronka kolektibo garrantzitsuak gaindi ditzake.
Inoiz pentsatu al duzu zer gertatzen den komuneko botoia sakatzean komunetik behera botatakoarekin?
Egunero erabiltzen ditugu komunak, beste sanitarioak eta harraska, baina askotan ez gara ohartzen ze ibilbide egiten duten gure etxetik ateratzen diren urek eta hondakinek. Noraino heltzen dira?
Egunerokoan sortzen diren hondakin urak tratatu egin behar dira ingurune naturalera itzuli aurretik, baina saneamendu sareak ez du edozein hondakin jasotzeko eta garbitzeko gaitasunik.
Komunetik behera botatzen ditugun produktu eta hondakin batzuek uraren arazketa zaildu dezakete, saneamendu sareko azpiegiturak kaltetu ditzakete, eta ingurumenean ondorio kaltegarriak sortu ditzakete.
Horregatik, ExpoRetrete ekimenak gure eguneroko ekintzen inguruan hausnartzera garamatza. Alde batetik, ekimenaren helburuetako bat da mundu mailako saneamendu krisiaren inguruko kontzientzia piztea; izan ere, munduan 3.400 milioi pertsonek ez dute komun seguruetarako zerbitzu aukerarik. Bestalde, komuna zakarrontzi gisa erabiltzeak eragiten dituen arazo anitzak aurkezten ditu ekimenak. Hondakin desberdinek ingurumenean, saneamendu-sarean eta bizidun desberdinen osasunean eragin ditzaketen kalteak azaleratuz.
Prest al zaude hausnarketarako?
Ur edangarriaren erabileran eta hondakin uren tratamenduan tanta guztiak dira garrantzitsuak. Horregatik, ur erabilgarriaren zikloaren erronka nagusietako bat da zikloaren hasieran jasotako ur kantitate berdina isurtzea itsasora amaieran.
Erronka hori hobeto ulertzeko, Endarako urtegian jasotako ur tanta bakoitzak itsasoratu arte jarraitzen duen ibilbidea adierazten du lehenengo panelak.
Ibilbideak bi atal nagusi ditu:
Lehenengo atala panelaren ezker aldekoa da, eta uraren hornidura adierazten du; urak Endarako urtegitik hirietara iristeko jarraitzen duen ibilbidea.
Horniduran hainbat elementu nagusi hauteman daitezke hurrenez-hurren, esaterako: urtegian jasotako ura edangarri bihurtzeko Elordi Edateko uren araztegia, ur edangarria biltzeko ur deposituak eta ura hirietara helarazteko eta banatzeko sektoreak. Sektore bat edateko ura helmugaraino eramaten duen gune bateko hodi-sarea da.
Horniduraren ibilbidean ura grabitatearen alde isurtzen da, “maldan behera”, eta uraren garraioan sortutako indarrak energia sortzea ahalbidetzen du minizentral hidroelektrikoetan. Urak grabitatearen alde egiten duen ibilbidea hobeto ulertzeko, panelaren behe aldean dagoen grafikoa erreparatu zenezake. Bertan ikusiko duzu, horniduran ura altitude handienetik txikiagotara isurtzen dela; espero zenuen garraio mota hori?
Panelaren eskuineko aldeak, berriz, saneamendua adierazten du; hondakin urak, itsasoratu aurretik, bildu eta garbitzeko bidea.
Bigarren atal honetan, ura ez da grabitatearen alde isurtzen ibilbide osoan. Esaterako, ura saneatua izan dadin, Atalerreka hondakin uren araztegira garraiatu behar da, eta ibilbide hori grabitatearen aurkakoa da. Horregatik, saneamenduan ezinbestekoak dira ponpaketa estazioak; hondakin urak araztegira bultzatzeko azpiegiturak.
Grabitatearen aurkako ponpaketak energia gastua suposatzen du, baina gastu hori beharrezkoa da Endarako urtegian jaso den ur kantitate berdina isurtzeko itsasora Atalerrekan araztu ondoren.
Erronka, beraz, ez da txikia, eta azalpen hutsekin ulertzeko zaila izan daiteke. Beraz, saia zaitez, beheko grafikoari erreparatuz, grabitatearen kontrako garraioa identifikatzen!
Horniduraz eta saneamenduaz ikasten jarraitzeko, panelari bira ematera gonbidatzen zaitut. Horretarako, bultzatu eskuineko panela poliki biratu arte. Lortu duzu? Orain entzun bigarren panelaren azalpena.
Ur erabilgarriaren zikloaren erronka nagusietako bat da zikloaren hasieran jasotako ur kantitate berdina isurtzea itsasora amaieran. Hori bermatzeko, ezinbesteko bi azpi erronka nabarmendu dira: horniduran ur tantarik ez galtzea, eta saneamenduan tanta berririk ez gehitzea.
Horniduran Elordi Edateko uren araztegian tratatutako ura kontsumitzaileengana garraiatzen da, eta atal honen erronka nagusia da ur edangarri kantitate osoa aprobetxatzea, hau da, bidean ur tantarik ez galtzea.
Paneleko eskuin aldean dagoen mapari erreparatuz, horniduraren ur deposituak non dauden ikusi daiteke. Ur edangarria ur depositu desberdinetan biltzen da, eta depositu bakoitzak eremu geografiko jakin bateko ur eskaria hornitzen du. Baraz, mapan zure bizilekua kokatzen baduzu, zure etxeko ura hornitzen duen depositua non kokatzen den identifikatu zenezake. Saia zaitez ariketa hori egiten!
Orain joan zaitez panelaren atzealdera. Bizpahiru segundo ematen dizkizut 1, 2, 3…Orain saneamendua ikus dezakezu. Saneamenduan, berriz, hirietan pilatutako hondakin urak Atalerreka Hondakin uren araztegira garraiatzen dira. Atal honen erronka da saneamendu sarean ur tanta berririk ez sartzea; hondakin urak ur gehigarriarekin nahasteak uraren garbitze prozesua zaildu besterik ez baitu egiten.
Baina, nola gehitu daitezke tanta berriak saneamendu sarera?. Saneamendu sarearen amaiera itsasoa da, eta, ondorioz, mareek eragin handia izan dezakete sisteman. Izan ere, itsasgorak ematen direnean, hondakin uren kolektoreak itsaso-mailaren azpitik gelditzen dira, eta, ondorioz, ur filtrazioak eman daitezke hodietan. Espero zenuen horrelakorik?.
Paneleko ezker aldean dagoen mapak saneamendu-sarea osatzen duten hodien antolaketa mailakatua adierazten du, maila arruntenetik hasi eta hodi konplexuenetaraino hurrenez-hurren; zuhaitzen antzeko antolaketa baitu sareak, adar finetatik hasi eta enbor zabaleraino.
Hodi mota bakoitzak, beraz, helburu zehatz bat du: hartunea, etxeetako urak biltzeko; bigarren mailako sarea (granate kolorekoa), eraikin ezberdinetako hondakin-urak biltzeko; kolektore nagusia (berde kolorekoa), auzo desberdinetako ura jasotzeko; eta hodi biltzaile nagusia (gorri kolorekoa), aurreko ur guztiak hondakin uren araztegira garraiatzeko. Hodiez gain, zenbakituta adierazi diren ponpatze estazioak beharrezkoak dira hondakin urak araztegira bultzatzeko.
Ibilbidearen amaieran, tratatutako urak itsasora isurtzen dira urpeko isurbidearen bidez. Imajinatzen al duzu nolakoa izan daitekeen urpeko isurbidea?. Askotan km asko dituen hodi gisa imajinatzen bada ere, errealitatean 200m inguru dituen isurbidea da!.
Saneamenduan hondakin urak tratatu eta garbitu egiten dira, ingurune naturalera isurtzean ahalik eta eragin txikiena izan dezaten. Hala ere, hondakin uren araztegiak ez daude diseinatuta edozein hondakin mota deuseztatzeko. Ondorioz, komunetik behera botatzen diren hondakin mota batzuek kalte handiak sortu ditzakete saneamendu-sarean eta ingurumenean.
Hori hobeto ulertzeko, hirugarren panelean hondakin solidoek eta osagai kimikoek saneamendu-sarean duten eragina adierazten da. Hala ere, azalpenarekin jarraitu aurretik, panelaren aurrean dagoen komunean esertzera gonbidatzen zaitut. Bertan eserita hobeto ulertuko duzu azalpena. Eseri zara?, has gaitezen!
Egunerokoan, hondakin mota ugari botatzen dira komunetik behera inolako sailkapenik egin gabe, komuna zakarrontzia izango balitz bezala. Hondakinen artean, asko hondakin solidoak izaten dira, eta, espero ez arren, saneamendu sareko oztopo nagusienetarikoa dira; hodietan traba handiak eragiten baitituzte.
Saneamendu sareko trabatzeen artean, gehienak produktu higieniko-sanitarioek eragiten dituzte; izan ere, egunero ehunka kg hondakin solido botatzen dira komunetik Txingudin. Hirugarren panelaren behe aldean adierazi dira hondakin horietako ugari; aztertu itzazu momentu batez.
Hondakin solidoek saneamendu sarean sortzen dituzten trabak eta arazoak murrizteko, hondakin uren ponpatze estazioetan iragazki bat dago. Iragazkiak hondakin solido handienak geldiarazten baditu ere, hondakinen hondar partikulak ez dira deuseztatzen, eta saneamendu-sarean zehar, hondakin uren araztegira heltzen dira. Hala ere, Atalerreka araztegia ez dago diseinatuta hondakin solido partikulak eta produktu kimikoak deuseztatzeko. Ondorioz, urak tratatu arren, hondakinak ez dira guztiz desagertzen.
Horrek, saneamendu-sareko azpiegiturak kaltetzeaz gain, ingurumen naturalean izugarrizko inpaktua du. Izan ere, produktu kimikoen osagai asko kutsakorrak dira, eta produktu solidoek ere kalte handiak eragiten dituzte ekosistema naturaletan.
Txingudi eremuko ingurune naturalaren balio ekologikoa aintzat hartuta, hura zaintzea guztion ardura da; beraz, erabili dezagun komuna behar bezala.
Hurrengo panelera pasa aurretik erronka bat proposatzen dizut. Begiratu eserita zauden komunaren behe aldean dagoen hodi gardenera. Bertan, egunerokoan komunetik botatzen diren hondakin solido desberdinak ikusiko dituzu, panelean identifikatu dituzunak, alegia. Hala ere, panelaren behealdean ageri diren 10 hondakinetatik bat falta da hodian. Saia zaitez identifikatzen!
Saneamendu-sareko hodiek antolaketa mailakatua jarraitzen dute; hodi finetatik hasi eta lodienetaraino hurrenez-hurren. Hodi finek, ur kantitate txikiagoak garraiatzen dituzte, eta saneamendu prozesuaren hasieran kokatzen dira. Hodi lodiek, berriz, ur kantitate handiagoak garraiatzen dituzte, aurreko hodietatik datozen urak bildu eta zikloarekin aurrera egiteko.
Laugarren panelean, Txingudiko saneamendu-sareko hodi mota bakoitza kolore desberdin batez irudikatu da. Hodi finena urdinez markatu da, “etxekoa” gisa ezagutzen dena. Izenak dioen bezala, hodi mota honek etxe bakoitzeko hondakin urak garraiatzen ditu. Hurrenez-hurrez, sareko hodi lodiagoak ageri dira, azkena “hodi biltzaile nagusia” izanik, gorriz adierazita.
Txingudi eremuan pertsona ugari bizi direla kontuan izanik, hodien antolaketa mailakatuak zentzua du; eremuko etxe guztietako hondakin urak biltzeko azpiegitura konplexuak behar baitira. Hala ere, hodien tamaina egiazko eskalan irudikatzea zaila izan daiteke.
Hori errazteko asmoz, laugarren panelean saneamendu-sareko hodien egiazko diametroak irudikatu dira. Irudiko borobilak bat datoz hodien egiazko zabalerekin, eta kolore bakoitzak sareko hodien antolaketa mailakatuari egiten dio erreferentzia.
Panelera gerturatu eta besoak parez-pare zabaltzera gonbidatzen zaitut. Ukitu behatz batekin borobil gorriaren albo bat, eta saiatu beste eskuarekin borobilaren beste alboa ukitzen. Lortu duzu?
Zure beso-hedadura ezagututa zenbateko diametroa uste duzu duela hodi biltzaile nagusiak? Hamaikagarren panelean emaitza topatuko.
Saneamendu-sarearen konplexutasunak ez dio egiten erreferentzia sarearen tamainari soilik; sarearen eraginkortasuna ere faktore garrantzitsua da.
Etxeko komuneko botoia sakatzen den unetik, 30 minutu soilik behar dira hondakin ura ponpatze estaziora heltzeko. Horrek esan nahi du, tarte horretan desegiten ez den materiala hondakin solido eran helduko dela ponpaketa estaziora.
Komuneko papera istant batean desegiten bada ere, komunetik behera botatzen diren beste hainbat hondakin solido, toailatxo hezeak, adibidez, ez dira desegiten tarte horretan. Ondorioz, traba eta kalte handiak sortzen dituzte ponpatze estazioetan eta saneamendu sareko azpiegituretan. Kalteekin batera, gaitz horiek konpontzeak gastu ekonomikoen igoera ere suposatzen du. Horregatik, komuneko papera ez den beste edozein hondakin solido zakarrontzira bota behar da.
Nola uste duzu heltzen dela komuneko papera ponpaketa estazioetara?, eta toallatxo hezea? Hondakin solido desberdinek uretan desegiteko duten gaitasuna hobeto ulertzeko, hartu ondoan dituzun beirazko ontziak banan-banan. Ontzi bakoitzean, urarekin batera, hondakin solido mota jakin bat dago. Hortaz, ontzian dagoena nahastuz aztertu zenezake material jakin horrek uretan desegiteko duen gaitasuna. Zer gertatzen da komuneko paperarekin?, eta toailatxo hezearekin?
Behin emaitzak ikusi ostean, utzi ontzia dagokion lekuan, ondoren datozenek ere erabili dezaten.
Hondakin solido askok saneamendu sarean trabak eta kalte ekonomikoak eragiten badituzte ere, hondakin mota horien artean bada egunerokoan maila handian erabiltzen den produktu bat: toallatxo hezea.
Toallatxo hezeak zuntzez osatutako hondakin solidoak dira, eta konposaketa horrek asko zailtzen du haien desegite prozesua. Askotan “biodegradagarri” hitzaren atzean gordetzen dira produktu horren erabilera desegokiak sortzen dituen kalteak; baina, biodegradagarri hitzak ez du esan nahi produktua bere kabuz desegiten denik. Biodegradagarria den produktua eragile biologikoei esker desegiten dena baita.
Toallatxoen konposaketan zuntz natural gehiago erabiltzen hastea onura nabarmena izan da, izan ere horiek material jasangarriagoak baitira. Hala ere, zuntz naturalak ere ez dira behar bezain erraz desegiten, eta trabak sortzeko aukerak hor jarraitzen du.
Horri gehitu behar zaio, toallatxoak zati txikietan apurtzeko aukera dagoela saneamendu-sarean zehar. Partikula horiek txikiegiak izaten dira ponpaketa estazioetan iragazteko, eta, ondorioz, itsasora iristen dira askotan, ingurunea kutsatuz.
Ur ingurunearen kutsadurak arriskuan jartzen du Txingudi eremuaren balio ekologikoa, eta kaltea saihesteko bide eraginkorrena arazoa oinarritik konpontzea da. Hori dela eta, guztion esku dago toallatxo hezea erabili ondoren, komuneko botoia sakatu beharrean, zakarrontziaren tapa zabaltzea.
Ikasi duzun guztia seigarren paneleko komikian adierazi da; anima zaitez irakurtzera!
Komunetik behera botatzen diren hondakin solidoen artean, janari hondakinek ere kalte handiak eragin ditzakete uren saneamenduan. Izan ere, janari hondakinen presentziak arratoi izurriteak sortzeko aukera handitzen du.
Arratoi izurriteak saihesteko helburuarekin, urtero arratoigabetze kanpainak programatzen dira Txingudin. Hala ere, kanpaina horien metodologiak arratoientzako pozoia jartzean datza, eta saneamendu sarean janaria dagoen bitartean, arratoiek ez dute pozoia jaten. Ondorioz, kanpainen eraginkortasuna txikitzearekin batera, gastu ekonomikoa asko handitzen da.
Arratoi bakoitzak, bere 2 edo 3 urte arteko bizitzan zehar, 180 eta 480 kume inguru izan ditzake, eta arratoigabetze kanpainen eraginkortasuna gutxitzeak, arratoi kume kopuruaren gorakada eragiten du.
Gainera, arratoigabetze kanpainak izurriteari aurre egiteko ezinbestekoak izan arren, pozoiaren erabilerak badu bere arriskua. Pozoia erabiltzen denean, saihestezina da haren partikula txikiak ingurunean hedatzea. Arratoiek pozoia karraskatzean, partikula txikiak askatu eta saneamendu sarean sartzen baitira, prozesuaren amaieran itsasora iritsi arte.
Hori dela eta, zenbat eta arratoi izurrite handiagoak sortu, orduan eta pozoi gehiago erabili beharko da, hark ingurumenean kalteak sortzeko aukera handituz.
Arazoa konpontzeko bide eraginkorrena janari hondakinak komunetik behera ez botatzea da. Modu horretan, arratoigabetze kanpainen eraginkortasuna handitzen da, geroz eta pozoi gutxiago erabili beharko da, eta pozoiak ingurumenean kalteak sortzeko aukera ere murriztuko da.
Zazpigarren panelean ikasi duzun guztiarekin, ondoan duzun puzzlea osatzera animatzen zaitut. Dagoeneko egina badago, nahastu piezak eta hasi hasieratik; egiaztatu zenbat ikasi duzun!. Amaitzean, berriz, gogoratu puzzleko piezak berriz ere nahasteaz; ez eman pistak hurrengo datorrenari!
Ingurumenean kalte handiak eragin ditzaketen beste hondakin mota batzuk produktu kimikoak dira.
Egunerokoan hondakin kimiko ugari botatzen dira komunetik, arraskatik eta dutxatik; batzuk nahi gabe (gernuan adibidez), baina beste asko nahita (botika-soberakinak adibidez). Hala ere, hondakin horiek komunera botatzean uretan disolbatu izanak ez du esan nahi desagertu direnik.
Komunetik botatako hondakin kimikoak, hondakin urekin batera, saneamendu sarean sartzen dira. Saneamenduko azpiegiturak, ordea, ez daude prestatuta konposatu kimikoak desagerrarazteko. Ondorioz, prozesuaren amaieran ingurumenera isurtzen dira, kutsatzaile emergente gisa, eta kontzentrazio txikian bada ere, haien presentziak arazo anitz sortu ditzake denborarekin.
Itsas ingurunean pilatutako kutsatzaile kimikoek gizakiekin lotura handirik ez dutela iruditu arren, uste baino gertuago daude gugandik. Kutsatzaile kimikoak itsas ingurunean pilatzean, kate trofikoan sartu daitezke, izaki bizidun desberdinetan metatuz. Gizakiak, kutsatutako itsas-bizidunak jatean, izaki horietan metatutako kutsatzaile kimikoak ere barneratu egiten ditu, haiek eragin ditzaketen kalteak pairatzeko arriskua handituz. Horregatik, kontraesankorra dirudien arren, produktu kimikoa komunetik behera botatzean, desagerrarazi baino gehiago, geure organismoan sartzeko ateak zabaltzen dizkiegu.
Kutsatzaile kimikoek kate trofikoan duten eragina hobeto ulertzeko, zortzigarren paneleko ariketa egitera gonbidatzen zaitut. Panelaren ezker aldean aurretik aipatutako kate trofikoa ageri da. Bertan adierazi da kutsatzaile emergenteek egiten duten ibilbidea; itsas organismo txikienetatik hasi eta gizakira heldu arte. Katearen amaierari erreparatuz, ikusiko duzu gizakia kutsatutako arraina jaten ari dela. Gizakiak barneratutako kutsatzaile emergente kopurua irudikatzeko, zenbatu zenbat kutsatzaile kimiko zituen gizakia jaten ari den arrainak. Bestalde, kolorez bereizi dira kutsatzaile emergente motak, beraz, erreparatu irentsitako kutsatzaile motei ere. Ondoren, borobil beltzean dauden imanak hartu, eta gehitu panelaren eskuin aldean dagoen gizakiaren irudian.
Zer iruditzen zaizu?.
Nahi izan ezkero, atera mugikorrarekin argazki bat irudiari, agian etxera heltzean hausnarketarekin jarraitzeko balioko dizu!. Bestalde, ariketa amaitzean utzi imanak hasieran zeuden borobil beltzean, ondoren datozenek ere ariketa egiteko aukera izan dezaten.
Komunetik edo arraskatik botatako produktu kimikoek, kutsatzaile emergente gisa, kalte handiak eragiten dituzte ingurumenean eta izaki bizidunengan. Hala ere, kalte horien oinarrian gizakion ohitura eta ekintza desegokiak daude.
Kutsatzaile emergenteen kaltea aritzeko, beraz, geure jarrerak aldatzetik hastea da egokiena. Baina, zer aldatu genezake?.
Kutsatzaile emergenteen jatorrietako bat komunetik edo arraskatik botatako botikak eta sendagaiak dira. Horiek nahita edo nahigabe bota ditzakegu, batzuetan konturatu gabe gernu edo gorotzen bidez, esaterako.
Sendagaien konposatu kimikoek, hondakin urekin batera igarotzen dute saneamendu sarea, eta itsasoratuak izaten dira prozesuaren amaieran. Hori ez gertatzeko lehendabiziko ekintza da botika soberakinak botika dendara eramatea komunetik edo arraskatik bota beharrean. Gainera, sendagai gehiegi hartzeak ere kaltetu dezake kutsatzaile emergenteen eragina. Izan ere, gorputzak gernu bidez kanporatzen ditu konposatu horiek, eta, nahigabe bada ere, ingurunera heltzen dira. Beraz, ez da komeni gomendatutakoa baino sendagai gehiago hartzea.
Bestalde, etxea garbitzeko produktuak ere kutsatzaile emergenteen jatorri nagusietako bat dira. Kasu honetan ere, ez da komeni garbiketa produktuak komunetik edo arraskatik botatzea; ordez, Garbigunera eraman behar dira. Gainera, garbiketa produktuak ere gomendatutako neurrian erabili behar dira, eta ahal den neurrian, hobe genuke produktu naturalak edo etiketa ekologikoa duten produktuak erabiltzea.
Ikasitakoa praktikan jartzeko, jarduera erraz bat proposatzen dizut: atera argazki bat aurrean dituzun piktogramei, eta etxera zoazenean, saiatu zure garbiketa-produktuetan aurkitzen. Agian zuk uste baino presentzia handiagoa izango dute.
Saneamendu sarean eta ingurumenean kalteak eragiten dituzten beste hondakin mota batzuk koipeak eta olioak dira. Jatorri lipidikoa izateaz gain, dentsitate handia duten konposatuak izanik, hozten direnean dekantatzeko joera izaten dute. Ondorioz, saneamendu hodietan pilatu eta zarakarrak eragiten dituzte.
Koipeak animalia jatorria dute, eta arraskatik tenperatura altuetan botatzen badira ere, hoztean solido bihurtzen dira saneamendu sarean. Hodien paretetan pilatutako koipeen geruza, berriz, olioak pilatzeko eremu perfektu bilakatzen da. Olioak landare jatorriko konposatu lipidikoak dira, eta, ondorioz, urarekin elkartu ezin direnez, beste lipido batzuekin elkartzeko joera dute; koipeekin alegia.
Koipe eta olio geruzak nahikoa ez balira, xaboiak ere saneamendu hodietako zarakarren eragile bihurtu daitezke. Izan ere, xaboi molekulek zati lipidikoa eta zati hidrofilikoa dituzte konposaketari dagokionean. Zati lipidikoa, lipidoekiko afinitatea duena da. Zati hidrofilikoa, berriz, urarekiko afinitatea duena. Ondorioz, xaboia hodietako zarakarretan pilatu daiteke; atal lipidikoa olio eta koipeetara atxikitzen da, eta atal ez lipidikoak, berriz, urarekin kontaktuan aparra sortzen du.
Koipez, olioz, xaboiez eta aparrez sortutako zarakarrek, hodien barruan gordeta egon arren, kalte handiak sortu ditzakete saneamendu sarean: trabak, ura arazteko zailtasunak, eta alferriko energia gastuak, esaterako.
Kalte horiek konpontzeak zailtasunak baditu ere, zarakarrak saihesteko modua oso sinplea da; koipeak eta olioak arraskatik ez botatzea, alegia. Koipeak, hoztean solidotzen direnez, zakarrontzira bota behar dira. Olioak, berriz, edukiontzi laranjara bota behar dira; birziklatu eta produktu berriak sortzeko erabiltzen baitira.
Hamargarren panelean ikasitakoa praktikara eramateko, mahai gainean duzun puzzlea egitera gonbidatzen zaitut. Pieza gutxi dituen arren, saia zaitez bakoitza dagokion lekuan kokatzen. Amaitzean, gogoratu puzzlea desegiteaz; ez eman pistak ondoren datozenei!
Etxeko komuna zein arraska modu desegokian erabiltzeak kalte handiak sortu ditzake hondakin urak tratatzeko saneamendu sarean. Gainera, kalte horiek konpontzea ez da prozesu erraza izaten askotan, izan ere, saneamenduko hodiek 550km baino gehiago dituzte, eta garbiketa zein konponketa prozesuek denbora dezente eskatzen dute. Esaterako, Txingudi eremuko saneamendu sare osoko mantentze lanak aurrera eramateko 2 urte baino gehiago behar dira, horrek suposatzen duen gastu ekonomikoaz gain.
Bestalde, hamaikagarren paneleko irudietan adierazi dira Txingudiko saneamendu sarea osatzen duten hodi-mota desberdinak; haien zabalera eta kantitatea barne. Beraz, hementxe duzu laugarren panelean proposatutako erronkaren erantzuna; asmatu al duzu zenbateko diametroa duen hodi biltzaile nagusiak?
Paneleko irudiei erreparatuz, saia zaitez imajinatzen nolako trabak sortu daitezkeen hodi horiek hondakin solidoz betetzen direnean. Bestalde, nola uste duzu libratzen direla saneamendu hodietako trabak?. Azken galdera hau erantzuteko pista batzuk panelaren behe aldean dituzu, eskuineko irudietan.
Saneamendu sareko arazoak konpontzeak zailtasun ugari baditu ere, arazo eta zailtasunak saihestea herritar guztion ardura da; hondakin solidoak zakarrontzira botatzen badira eta komuna behar bezala erabiltzen bada, onurak guztiok nabarituko ditugu.
Eguneroko ekintza arduratsuek ingurunea zaintzen laguntzen dute, eta ingurunea zaintzean, geure burua ere babeste dugu; horixe baita panel hauen bidez helarazi nahi izan den mezua. Gogoratu! onura gizarte mailan nabarituko den arren, ekintza norberarena da!
Une honetara iritsi bazara, hausnarketarako interesa duzula erakutsi duzu, beraz, mila esker! Gaurtik aurrera, ikasi duzun guztia martxan jartzera gonbidatzen zaitut, eta, ahal duzun neurrian, anima zaitez ikasitakoa ingurukoekin ere partekatzera.
Pertsona bakar baten ekintzek ezin dute arazoa konpondu, baina ekintza arduratsuen sare batek traba handiak askatu ditzake. Beraz, sarearen parte izatera gonbidatzen zaitut. Prest al zaude aldaketarako?