Txingudiko Zerbitzuak-ek uraren tarifa eta etxe jasangarrien hondakin tasa izoztuko dituzte 2027an

Uraren tarifa izoztuta geratuko da, bai etxeentzat, bai jarduera ekonomikoentzat. Edukiontzi marroia modu eraginkorrean erabiltzen duten etxeek urtean 151,60 euro ordaintzen jarraituko dute hondakinen bilketagatik. Gainerako etxeetan, hondakinen faktura urtean 4 euro inguru igoko da. Jarduera ekonomikoen hondakin tasa, berriz, % 1,6 igoko da.

Bidasoa Beherea, 2026ko azaroaren 17a. Txingudiko Zerbitzu Mankomunitateko Batzarrak 2027ko uraren eta hondakinen tarifak onartu ditu. Uraren tarifak bere horretan mantenduko dira kontsumo tarte guztietan, bai etxeetan, bai jarduera ekonomikoetan.

Hondakinei dagokienez, edukiontzi marroia benetan erabiltzen duten etxeek urtean 151,60 euro ordaintzen jarraituko dute. Gainerako etxebizitzek 285,36 euro ordainduko dituzte urtean. Igoera, neurri batean, bilketa eta garraio kostuak handitu izanaren ondorio da.

Bi tarifen arteko aldeari esker, etxe jasangarriek urtean 130 euro baino gehiago aurrezten dute. Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuak-eko gerenteak janari-hondarrak edukiontzi marroira botatzera eta papera, ontziak eta beira ere bereiztera animatu ditu familiak. “Etxeko ekonomiari mesede egiteaz gain, eskualdeko ingurumena zaintzen laguntzen dute”, adierazi du.

Jarduera ekonomikoen hondakin tarifa % 1,6 igoko da. Arasoko eta Akartegiko garbiguneetako tarifak ere eguneratuko dira.

Uraren kontsumoa tarteka fakturatzen jarraituko da

Txingudiko Zerbitzuak-ek 2026an ezarritako tartekako fakturazio sistemari eutsiko dio. Metro kubikoaren prezioa lehen tartean da apalena, eta gora egiten du kontsumo tartea handitu ahala. Sistemaren helburua ura eraginkortasun handiagoz erabiltzea da. Ur gutxiago kontsumitzeak, gainera, ingurumena babesten eta ur-baliabideak zaintzen laguntzen du.

2025ean, Bidasoa Beherean 4,47 milioi metro kubiko ur kontsumitu ziren. 2022tik 2024ra bitartean, urtean 4,38 milioi metro kubiko inguru izan ziren. 2026ko lehen seihilekoko datuek goranzko joera hori berresten dute.

Ur-hornidurako eta saneamenduko sareak berritzea

Maileguen ordainketei aurre egin ondoren, uraren tarifetatik bildutako diruari esker, 1.832.391 euro bideratu ahal izango dira inbertsioetara 2027an. Kopuru hori 2026an bideratutako 1.860.667 euroen antzekoa da.

Inbertsio Planean aurreikusitako jardukeren artean daude San Migel-Anakako saneamendu sarea berritzea, Endarako urtegian obrak egitea eta Irungo erdialdeko nahiz Olaberria landa eremuko ur hornidura hobetzea.

Txingudiko Zerbitzuak-ek ur sareak digitalizatzen jarraituko du, gorabeherak lehenago antzemateko eta esku hartzeak planifikatzeko. Uramuga mugaz gaindiko proiektuaren bidez, Behobia-Gal eremuko kolektoreak birgaitzea ere aurreikusten da, saneamendu sarera sartzen den ur arrotzaren kopurua murrizteko.

Eskualdeko etxeen % 68k izena emanda dute hondakin organikoen gaikako bilketan

2026an, Irungo eta Hondarribiko 24.848 etxek zuten izena emanda hondakin organikoen gaikako bilketan, bi udalerrietako 36.485 etxebizitzen % 68k, alegia. 2027an, tarifa murriztua eskuratzen duten etxeek tarifa orokorra ordaintzen dutenek baino 130 euro gutxiago ordainduko dituzte urtean.

2026ko lehen seihilekoko datuetan oinarrituta, Txingudiko Zerbitzuak-ek aurreikusten du 2027an 19.600 tona errefus bilduko direla, 2026rako aurreikusitako 19.840 tonen aldean, eta 3.600 tona hondakin organiko inguru. Gero eta hondakin organiko gehiago biltzen da urtetik urtera. Etxean janari hondar gehiago bereizteak ezabatzera bidaltzen den hondakin kopurua eta hondakinen kudeaketa kostua murrizten laguntzen du.

Tarifa sozialak eta familia ugarientzako tarifak

2027an, zailtasun ekonomikoak dituzten etxeentzako laguntzei eutsiko zaie, bereziki Diru sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenentzako laguntzei. Ohiko etxebizitzari dagokion tarifari % 50eko murrizketa aplikatuko zaio. Murrizketa eskuratzeko, hondakin organikoen gaikako bilketan izena emanda egon behar da, edukiontzi marroia erabiliz edo autokonpostajearen bidez, eta ura modu jasangarrian erabili behar da.

Familia ugariek ere uraren tarifa berezia izango dute. Kontsumo tarte bakoitzaren muga etxeko tarifa orokorrekoa halako bi izango da. Tarifa berezia aplikatzeko eskubidea aitortu ondoren, hurrengo hilaren lehen egunetik familia ugariaren ziurtagiria iraungi arte aplikatuko da.

Txingudiko Zerbitzuak - Servicios de Txingudi
Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.